Koldo Garcia
Altuetara moldatzen

Betidanik entzun dugu euskaldunok genetikoki ezberdinak garela. Isolamendu prozesu baten ondorioz gainontzeko Europako populaziotatik aldenduta agertu ohi baikara. Baina ez gara munduan gauden arraro bakarrak.

Loading player...
2017/04/18 10:30

Tibetarrak, adibidez, 4000 metrotara bizitzeari moldatu dira. Bertan oxigeno gutxiago dago, izpi ultramore gehiago heltzen da eta janari eskasia garaiak bizi izan dituzte. Ez dirudi erreza bertara moldatzea baina ia 5 milioi pertsona bertan bizi dira. Oxigenoaren erabileraren efizientzia hobetzen zuten pare bat gene jakinak baziren ere, oro har, moldapen hau nola gertatu den ezezaguna zen. Hori aztertzeko 3000 tibetarren eta 7000 ez tibetarren material genetikoa aztertu dituzte eta hainbat geneei esker izan daitekela aurkitu ere.

Odolari dagokiola, Himalaia aldera joatean ingurune horretara moldatuta ez gaudenok gure hemoglobina kopurua handitzen dugu, baina horrek odola lodiagoa izatea dakar eta epe luzera ez da batere osasungarria hori. Arestian aipatutako bi gene horien eta aurkitu dituzten berrien aldaerei esker, tibetarrak gai dira oxigenoa modu eraginkorrean erabiltzeko odola loditu gabe.

Izpi ultra moreen kasuan, tibetarrak azido folikoaren ekoizpena emendatzen duen gene baten aldaera dute, izpi hauek xurgapena erraztuz eta haurdunaldian lagunduz. Gainera hau nutrizioarekin lotuta dago ere, beste gene batzuen aldaera bezala, eskasia garaiei aurre egiteko energia modu eraginkorragoan gordeta eta sistema immunea hobetuz, eskasia baldintzetan ez gaixotzeko behar beharrezkoa dena. Gainera egokiak diren aldaera hauek ez dira zoriz edo magiaz agertu eta hedatu. Aldaera hauek hautespen naturalez hedatu dira: ingurune horretara hobeto moldatuta egoteagatik belaunaldiz belaunaldi transmititu dira aldaera horiek, orain dela 5000 bat urte hasi zen prozesuaren ondorioz.

Badakigu euskaldunak oso mendizaleak garela, eta noizbait Himalaiara joaten bazara, ez egin Sherparena. Beraiek 5000 urteko prozesu ebolutibo baten ondorioz ingurune horretara moldatu dira, gainontzekoei odola loditzen zaigu, ez beste.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK