Fito Rodriguez
Fito_rodriguez2
ETA-ren ustezko porrota dela eta

Aski frogatuta dago hedabideetan jendeak ez duela ezer berririk jakin nahi, aldez aurretik sinisten
zuena elikatu eta azpimarratu baizik.

Loading player...
2017/04/12 12:15

Guzti hau behar bezala ulertzeko adibide polita izan daiteke egun hauetan ETA burutzen ari den  desarmatzeaz prentsan agerturiko iritziei eta berriei erreparatzea. Izan ere, espainiar barne  ministeritzak emandako kontsignen arabera, ia denak ari baitira errepikatzen lelo berbera, Espainiak  ETA garaitu duela, alegia. Berdin eskuinetik (Zarzalejos “El confidencial”ean) edo ezkerretik (Perez  Rubalcaba “El País”en; Calleja “El diario.es”n), ETAren ustezko porrotaz ari dira etengabe.

ETA burutzen ari den desarmatzeak, aldiz, kontrakoa frogatzen du, hau da, estrategiaren aldaketa  dela medio ETAk berak bakarrik erabakitakoaren bidez, bere borondatea gauzatzen duela bere  arerioek nahi dutenaren aurka. Arerioak dira, beraz, gaindituak bezain garaituak geratzen ari direnak  ETA bere erabakimena bideratzeko gai izan den bitartean.

Horren argia den gertakizunari etengabeko desitxuratzearekin erantzuten zaio espainiar eta frantziar  hedabideetatik (BBC beste gauza bat da) ETA azpiratua dagoela esanez, haren ustezko porrota  errepikatuz eta, bide beretik, desegigoaren pairamena zabalduz.

Antzekoa suertatu zen Madrilen 2004ko martxoaren 11an gertatuko atentatuekin, non espainiar  hedabide ia denak, orduko Gobernuaren kontsignak (egindako triskantzaren erantzulea ETA izan zela)  zabaltzen aritu ziren.

Garai hartan Madrilgo Complutense Unibertsitateko Jorge Lozano semiologoak aztertu zuen “giza  ergeltasunaren gogamen” hura Umberto Ecok, Paolo Fabbrik eta Pier Paolo Gigliolik 1957an  plazaratu zuten “gerrilla semiologikoak”emandako parametroen arabera.

Hau da, informazio eta berrien orekari eutsi beharrean, hedabideak haien jabeak erabil ditzaten ezin  da ekidin, jakina, baina beste bertsioak, bestelako berriak eta kontra-iritziak plazaratzea eta  zabaltzea, berriz, denon esku dago eta hura da bidea.

Madrilgo martxoaren 11an jendea hasi zen oldartzen bertsio ofizialaren aurka eta, azkenean,  Gobernuaren gezurra agerian geratu zen nahiz eta, bidean, munduko beste hamaika gobernu baita  nazioarteko erakunde (NBE barne) zipriztinduta geratu.

Oraingo honetan ere espainiar nahiz frantziar iritzi ofizialari (ETAren balizko porrota) erantzun behar  zaio. Alegia, ETA bere erabakimena ari dela betetzen inguruko estatuek nahi dutenaren kontra…nor  da, beraz, garaile prozesu honetan?

Begi bistakoa izan arren hori esatea ere ez da politikoki zuzena baina, iritzien eta esanahien arloan  borroka ere egon beharra dagoela badakigu. Betiko gerrilla semiologikoa, hain zuzen.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK