Uzuri Aboitiz Hidalgo
Hegoaldeko ikuspuntua

Ez dira berdinak, hegoaldea eta iparraldea. Ez dira berdinak, ordutegian, janarian, hitzegiteko moduan, garbitasunean. Hamaika aldiz ez bagenuen hori errepikatu Baionan, ez genuen behin ere esan. Autoan sartu eta muga politikoa behin pasata. Ez dira berdinak, hegoaldea eta iparraldea.

Loading player...
2017/04/10 15:26

Non hasten da iparraldea? Noiz da iparraldea iparralde? Hegoaldekook badugu tonu bat iparraldeaz eta iparraldekoetaz hitzegiterakoan. Akusazio eta txiste guztien norabidea da iparraldea haruntza egiten ditugun bisitetan. Akaso definitu dugulako euskaldun izate on bat. Euskaldun izateko modu bat. Hegoaldekoa. Bakarra. Gutasun bat.

Euskaldun bat frantsesez entzuten dugunean, edota iruditzen zaigunean tabernan ohi baino denbora gehiago itxaron dugula. Orduan jartzen da martxan Gutasun bat. Euskalduna izateko modu bat, nor izateko modu bakarra.

Besteari begiratzen diogu, halabeharrez gure lekutik, hegoaldetik. Beti begiratzen da nonbaitetik, puntu batetik. Eta puntua ez da leku hutsala, puntua ikuspuntua da halabeharrez. Ikuspuntuak zehazten du ikuseremua, ikusgai dena eta ez dena. Kontua ez da ikuspuntua sahiestea, ezkutatzea. Baizik eta ikuspuntua, ikusteko puntu bat baino ez dela ageriko egitea: osotasuna beti puntu partzial batetik begiratzen eta ulertzen dugula explizito egitea.

Hegoaldekoon ikuspuntua hegoaldean dago. Hori ez du zertan txarra izan behar. Beti begiratu behar da nonbaitetik. Arazoa da ikuspuntua goian kokatzen dugunean. Gainetik begiratzen hasten garenean: iparraldea ikusezintasunera kondenatuz; bere espresio kulturalak folklorizatuz; euskaldun izateko eta adierazteko hainbat modu propio badirela ukatuz.

Ikusmolde berriak behar ditugula esan ziguten Baionan. Ikusmiran aritzeko. Begi bistan dugunarekin bakarrik ez gelditzeko. Ez mugatzeko. Mugaldeko ikuspuntuak behar ditugu horretarako. Ikuspuntu bakarretatik ihes egiteko gaitasuna duten begiradak. Ibiliaz, ikusbideak zabaltzeko gaitasuna dutenak.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK