Jagoba Zulueta
Jagoba_zulueta_talaiatik
Lurrikarak

Sara Majarenasi mina emateko helburuz saiatu zen bere bikote ohia Izar alaba txikia hiltzen. Ekintzak berak duen gogorkeria eta basakeria bistakoa den arren, jokabidea zuzentzen duen maltzurkeriak harritzen nau gehien, sen zapaltzailea piztu eta ahultasuna usaindu balu bezala. Bere portaeran, ordea, ez da originala ere izan.

Loading player...
2017/03/16 12:08

Antzeko estrategia darabil estatuak, Izar txiki eta zauritua giltzapean mantentzen duenean medikura ere joan ezinda. Ama eta alaba banatzekotan zirenenean, eta sortutako elkartasun olatuaren aurrean, ordu gutxiren buruan, ministroaren eta epailearen esku hartzearekin egoera desblokeatu zen. Bizkortasun horrek agerian uzten du, oraingo utzikeria, Izarren azalean sartzen den eta Sarari min ematea xede duen laban burokratikoa dela.

Katea hausteko estrategiek kate begi ahulena bilatzen baitute. Hoztasunez, kalkulatuz, erabakimen politikoz. Sara eta Izarrena begien bistakoa da, baina modu berdinean mantentzen dituzte larri gaixo dauden presoak espetxean, haiek zigortzeaz gain burkide dituztenak samintzeko eta kalean bestelako egoera bat nahi luketenak etsiarazteko. Edo nola ulertu bestela senideak zigortzen dituen urruntze politika? Hamaika adibide ditugu, errepresio kasuak edo torturaren inpunitatea bezalakoak ere, bakerik ez dugula, esaten digutenak. Asaldatzen gaituzten gertaerak, gure minak azaleratzen dituztenak.

Lurrikarek bat batean sortzen dituzten ondorioei begiratzeaz gain, jarraian datozen errepikapenekin ere kontuz ibili beharra dugu. Lurrikarek erreplikak izaten baitituzte. Eta lurrikaratzen garenean, emozionalki eta politikoki gure barruak iraultzen direnean, ez dut esango inteligentziaz jokatu behar dugula, hautatu behar dugula baizik. Izan ere, inteligentea soilik gure aukera iruditu ohi zaigu. Nik nahiago dut pentsatu, dauzkagun aukera ezberdinen artean, gure helburuak lortzeko hautatu egiten dugula. Ez dago bide bakar bat, baina badago hartzen den bidearekiko ardura osoa, ondokoari guztiaren errua bota gabe.

Ez genuen bidea hautatu bat batean estatuen aldetik jokabide zintzo, zibilizatu, gizatiarra edota demokratikoa nabaritu zelako edo espero zitekeelako. Min ematen diguten horiei, txanpon berarekin ordainduz ezin genuelako irabazi baizik eta, nire ustez, haiek bezala izan nahi ez genuelako.

Katebegi ahul horiek zaindu eta babestu nahi genituen, eta mina nozitzeko egoeran inor gehiago ez egotea. Estatuak, sistemak, kapitalak, patriarkatuak,... beti emango dizkigu erantzuteko arrazoiak, zapalkunztan oinarritzen baitute bere existentzia eta beti bilatuko dute min emateko katebegi ahulena. Erantzun, erantzun beharra dago, baina erantzuteko, izateko eta irabazteko modua, “egoerak” guri inposatzea baino, herriaren gehiengoarekin bilatu eta eraiki nahi izan dugu. Inposizioari, demokraziarekin erantzunez. Ezezkoari, baiezkoarekin. Krudelkeriari, xamurtasunarekin. Mugen itxierari, elkartasun eta harrerarekin. Bortxari, giza eskubideekin. Debekuari, askatasunarekin. Bazterketari elkartasunarekin, komunitatearekin, herriarekin. Errepresio, zokoratze eta kriminalizazioari, herritarren dinamika zabal eta anitzekin. Arrazismo eta xenofobiari, eskua luzatuz. Esplotazioari langile guztien defentsarekin. Eta erasoei, zaintzarekin. Herriarekin. Hautua da, lurrikarek dena hankaz gora jarriko dela ematen badu ere.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK