Koldo Garcia
Biziaren liburutegia eraikitzen

Biziaren zuhaitza erabili ohi dugu metafora moduan bizidunoi  buruz aritzeko: enborra guztiok dugun arbaso komuna izango  litzateke eta enborretik ateratzen diren adar eta adaxkak  bizidun taldeak eta espezieak.

Loading player...
2017/03/16 12:30

Agian metafora hau txiki  geldituko zaigu ikertzaile talde batek bota duen erronka  gauzatzen bada.

Biziaren zuhaitza 1866.an Haeckelek irudikatuta.

Beren ideia Lurreko bizidun guztien DNA sekuentziatzea da. Hau da, beren material genetikoak zer dioen ebaztea. Izaki  bakoitzaren material genetikoa, genoma bezala izendatzen  duguna, liburu bat bezala irudika dezakegu. Hortaz, ideia hau  liburu guzti horiek biltzea eta biziaren liburutegi erraldoi bat  egitea izango litzateke. Beno, ez bizidun guztienak, bakterioak  alde batera utziko lirateke eta onddo, landare eta animalia  erreinutako bizidunak aztertu.

Lehenengo hiru erreinu hauetako 9.000 taldeen ordezkari bana  zehaztasun handiarekin sekuentziatuko lirateke. Gero dauden  150.000-200.000 generoen material genetikoen letrak ebatziko  lirateke modu ez hain zehatzean. Eta azkenik gainontzeko 1,5  milioi espezieen DNAren zirriborroak egingo lirateke. Ikertzaile  hauen kalkuluen arabera lan erraldoi hau burutzea 4,5 mila  milioi euro inguruko inbertsioa beharko luke eta hamar bat  urtetan burutuko litzateke. Konparaketa egiteko, Euskal Y-koak  antzeko dirua xahutuko du 170km eraikitzeko.

Oraindik ez dute finantzaketarik baina baikorrak dira. Jada  hainbat ekimen martxan daudenez, hala nola, 10.000  ornodunen genoma aztertzeko ekimena, 5.000 artropodorenak  edota 10.500 txorirenak, beren lana halako ekimenak  bultzatzea, babestea eta koordinatzea izango litzateke.  Lurrean dauden bizidunen informazioa jasotzeaz gain, beste  onura batzuk ekarriko lituzke erronka honek: eboluzioa nola  gertatzen den hobeto ezagutuko genuke, genomak eurak  hobeto ezagutuz; sekuentziazio-teknikak hobetuko lirateke,  beste hainbat aplikazio dituztenak; eta bioaniztasuna dagoen  herrialdetara hedatuko lirateke halako teknikei buruzko jakintza.  Erronka handia da. Ez dakigu gauzatuko ote den edo burutazio  soilean geldituko den. Baina oso erakargarria da biziaren  liburutegia eraikitzearen ideia, biziaren letra guztiak eskura  izatea, bizia nola garatu den ulertzeko.

 

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK