Josu Txapartegi
Josu_txapartegi2
Hau da dagoena

Bada esamolde bat, bereziki gustatzen ez zaidana: “hau da dagoena” dioen  esamoldea. Ez zait bat ere atsegin esaldi hori. Gazteleraz gehiagotan entzuten  dut, adibidez, nire lagun senegaldar Amedek, ikusten nauen bakoitzean  errepikatzen du: “es lo que hay”. Esaldia, momentuko etsipen bat adierazten  duen neurrian ametitzeko modukoa izan liteke.

Loading player...
2017/03/10 12:30

Baina hitz hoien atzean gehiago dago. Aste hontako Zazpikan gogoratu du  Arnaldo Otegik, gazteek diotenean “hau da dagoena”, esaldi horrekin botereak  lortzen duela gu denok pentsatzea ez dela posible mundu berririk, soluzio  berririk, egoeraren aldaketa funtsezkorik. “Horrela da eta horrela izango da”  pentsamendua bultzatzen da esaldi horrekin. Pesimismo politiko sakon horrek  gaitza besterik ez dakar belaunaldi berrietara, eta, gainera, funtsean  gezurrezkoa da.

Gezurra da mundua eta historia amaitu direnik, gaurko situazioek betirako  iraungo dutenik. Ez dauka inongo zentzurik. Alderantziz, zerbait seguru baldin  badakigu, beste hau da, alegia, etengabe aldatzen doala guztia. Etengabeko  aldaketa bizi dela bai naturan, bai gizartean, bai gutako bakoitzean edo bizi  ditugun egoeretan. Geldirik ez dagoela ezer munduan.  Bada bigarren erreparo bat esaldi horrentzako. Ezin da munduan ematen diren  fenomeno guztien kontzientzia hartu bapatean eta erabaki “hau da dagoena”.  Hori botereak egingo du jendearen kontzientziak manipulatzeko  intentzioarekin, berari ondo doakiona betirakotu nahi duelako. Gutxienez  esango bagenu: “hau da dagoena... niretzat”.

“Hau da dagoena” esamoldea gure bizitzatik errotik ateratzea komeni zaigu. Eta  horrela ondorio kaltegarri batzuk ekidingo ditugu: batetik etsipenari lekua  lapurtzen joatea; bigarrena, agiriko gezur sozial kaltegarri bati aurre egitea;  hirugarren ondorio positiboa, boteredunek zabaltzen dituzten mezuen kontrako  entrenamendua “egoera alda daiteke, saiatzen bagara” aldarrikatuz, eta,  azkenik, munduko zilborra garenaren pentsamendua baztertzea. Munduan  gauza gehiegi dago gutaz aparte, “hau da dagoena” esaldiarekin guztiak gure  ikuspegitik behartzeko.

Gizarte orekatuago baten alde egin nahi dugunoi benetan tokatzen zaigun  reflexioa gure arbasoek aspaldi igarri zuten: dagoena eta izan litekeenaren  arteko harremana da askatu behar den ekuazioa. Dagoenaren eta izan  litekeenaren artekoa. Hor eman behar ditugu indarrak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK