Larunbatean hasiko da Euskal Selekzioaren aldeko martxa Leitzan

Leitza eta Urduña lotuko ditu aurten euskal selekzioaren aldeko mendi martxaren hamaseigarren edizioak. ‘Euskal selekzioa martxan, herri borondatez ofizialtasuna!’ lelopean, uztailaren 30ean hasi eta abuztuaren 6an amaituko da. Antolatzaileekin solastu dugu eta jakinarazi digute 80 lagunek eman dutela izena, baina oraindik bada izena emateko tartea.

Audio_placeholder

Larunbatean hasiko da Euskal Selekzioaren aldeko martxa Leitzan

Loading player...
martxa
martxa

Aldarrikapen giroan mendia da protagonista ekimen honetan. Ez da punta-puntako sasoiean egon beharrik baina pixka bat ibilita egotea komeni da. 7-8 orduko txangoak izango dira egun bakoitzean.

Leitzan jarri dute aurtengo abiapuntua, lehen etapan Betelurainoko bidea egingo du martxak (17 km). Bigarren etapan Zaldibian izango da helmuga (22,5 km), Seguran amaituko da hirugarrena (26 km) eta Oñatin laugarren etapa (26 km). Debagoienan izango da bosgarren etapa, Oñati eta Leintz-Gatzaga artean (25 km). Bertatik Otxandiora lehenbizi (22 km) eta Murgiara hurrengo egunean (27,5 km) egingo du martxak. Azken etapa, Murgia eta Urduña artekoa (23 km) izango da.

Hasiera puntura hurbiltzeko autobusa Bilbotik aterako da eta, Durango, Eibar eta Zarautzen geldialdia egin ondoren Donostiara helduko da. Handik, gainontzeko martxistak jaso ondoren, Leitzarako bidea hartuko du. Lotarako pilotalekuak, kiroldegiak edota eskolak erabiliko dira. Parte hartu nahi duen orok izena emateko aukera du: http://mendimartxa.eus/.