Jon Salaberri HIESaren kontrako ekintzailea

Abenduaren lehena, HIESAren kontrako nazioarteko eguna da. Gurean ere izan dira HIESAren kontra borroka sutsua egin duten pertsonak, Jon Salaberri da horietako bat. Arrasaten jaio eta bertan hil zen 1995ean, Hiesak hil zuen. Baina bidean borroka sutsua egin zuen Salaberrik gaixotasuna ezagutarazten. Urtetara, haren inguruko erreportajea egin zuen Goienako kazetari Julen Iriondok eta berriki Rikardo Arregi saria jaso du. Gurean izan da.

Audio_placeholder

Jon Salaberri HIESaren kontrako ekintzailea

Loading player...
Julen Iriondo @kalegorrian
Julen Iriondo @kalegorrian

Heroinaren mende ibilita HIESa garatu zuen Jon Salaberrik 90 hamarkadan. Harrezkero, heroina utzi eta misiotzat hartu zuen bera bezalako hiesdunen alde lan egitea. Horretarako, erakunde bat sortu zuen Debagoienean (HIES Ekimena), hitzaldiak eman zituen, artikuluak idatzi, kongresuetan parte hartu, elkarrizketak eskaini hedabideetan, telebistan eta publizitate kanpainetan agertu. Informazio eta pedagogia lan handia egin zuen Euskal Herriko gizarteak bazter ez zitzan HIESa zuten gaixoak. Toxoplasmosi baten ondorioz, azken urtea gurpildun aulki batean egin zuen. Hala ere, familiak eta borroka kideek lagunduta parte hartu zuen hainbat kongresu eta kale agerralditan. Hil ondoren, Batzen plataformak hilondoko saria eman zion, tolerantziaren alde egindako lanagatik. Hogei urte geroago, 2015eko ekainaren 27an, Julen Iriondo kazetari oñatiarrak Rikardo Arregi sari nagusia irabazi zuen Jon Salaberri izeneko dokumentalarengatik. 15 urte zituen Julen Iriondo kazetariak Jon Salaberri hil zenean, dokumental hau egiteak ordea hurbildu egin du bere izanera. Hala azaldu digu.