Eskola jantokietan bertakoa eta osasuntsua

Legez eskolak derrigortuta daude catering zerbitzua eskaintzera. Ondorioz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxeetako jantokietako gestioa zazpi enpresen esku dago gaur egun. EHIGE gurasoen elkarteak araudi berria eskatzen du ikastetxeek autonomia izan dezaten jantoki eredua hautatzeko eta horrela, elikadura osasuntsua, gertukoa eta bidezkoa bermatzeko. Urrats hori eman duten bi ikastetxetara jo dugu. Larrabetzuko eskolara eta Gasteizko Armentia ikastolara.

Loading player...
Larrabetzuko eskolako haurrak jantokian
Larrabetzuko eskolako haurrak jantokian

Larrabetzuko eskola aitzindaria da jantokiaren autogestioan. Jaurlaritzaren diru-laguntzetatik kanpo geratu arren, eskolak betitik autogestionatu du ikastetxeko jantokia eta bertako produktuak eskaintzen dituzte. Guraso elkarteak zuzenean kontratatzen ditu langileak. Armentiako ikastolan berriz, sukaldeaz arduratzen den enpresarekin hitzartutako akordioan lehengaien jatorria erabakitzeko aukera dute eta bertako produktu ekologikoen aldeko apostua egin dute. Larrabetzuko jantokiko arduradun Ekaitz Barrenetxearekin eta Armentiako ikastolako zerbitzuen arduradun Ibai Ruiz de Aretxabaletarekin hitz egin dugu. Hartutako erabakiaren zergatiaz eta emandako urratsen ibilbidez galdetu diegu.