Euskal Herriko leizerik sakonena da "Illaminako Ateak"

Euskal Herriko urrazpia ezagutuko dugu uda honetan eta bidelagun izango dugu Oier Gorosabel espeleologoa. Gaur, Illaminako ateak aurkeztu dizkigu Gorosabelek. Larran kokatzen da,  Euskal Herria, Biarno eta Aragon artean alegia. Arlas, Ahüñemendi eta Hiru Erregeen mendien azpiko lurpeko eremu hau nazioartean ezaguna da. . Urtero, joan den 100 urtetik hona, mundu osoko espeleologoak biltzen gara bertan, ordutik hona etenik izan ez duen esplorazio eta aurkikuntza katean.

Loading player...
|20/07/2017 15:40
170720-illaminako-ateak-larra3
Illaminako Ateak (Oier Gorosabel)

1979 urtean, Lizarra, Satorrak eta Frontenac taldekoek BU-56 izeneko leizean sakontzea lortu zuten, esplorazio zirraragarri bati hasiera emanez; hurrengo urterako -1192ko sakonerara ailegatuak ziren, eta bertan St. Georges lurpeko ibaia aurkitu zuten, garrantzi handiko aurkikuntza: hain zuzen ere, ibai hori inork ikusi gabea zuen, Fernand Ravier hidrogeologoak 1953 urtean bere existentzia deduzitu zuenetik. Ordurarte, St. Georges ibai honen puntu ezagun bakarra bere irteera zen: Urdaitz / Santa Graziko Illamina Ziloa.


Lehen hilabeteetako esplorazioa oso bizkorra izan zen, eta 1981erako -1338 mtara ailegatuak ziren (espeleourpekariak). Hurrengo urteetan BU-56 leizeak ezinbesteko lekua izan zuen Larrako plangintza orokorrean, eta mota askotako lanak egin ziren barruan, dena ez baita puntako esplorazioa. Adibidez, 1986 eta 1987an euskal taldeak ikerketa hidrokimiko, geomorfologiko, sedimentologiko eta biologikoan aritu ziren, eta Studenets Pleven talde bulgariarrak espeleologoen fisio/psikologiari buruzko ikerketak burutu zituen leizearen barruan, eta bere espeleourpekariak -1408eko sakonerara ailegatu ziren. 1988tik aurrera mugimendu handi honen ondorio txar batzuk ere identifikatzen hasi ziren (garbiketa kanpainak) eta bertako lanek eskatzen duten konplikazio logistiko handiek BU-56ean eginiko lanen erritmoa moteldu zuten.


Dozena bat urteko geldialdiaren ostean, 2013an, Euskal Espeleologoen Elkargoak berriro ekin zion Illaminako Ateak esploratzeari. Lanak utzitako puntuan hartuta, leize enblematiko honetan aritzen gara urtero, orain arte sektore desberdinen errebisioan, gaur egungo topografia eta argiztapen teknologiaren aurrerakuntzak baliatuz; oraindik ez gara leizearen punturik sakonenera bueltatu. Egindako lanen berri zehatza datorren astean izan dezakezue Erronkarin irekiko dugun erakusketa bisitatuz.