Ion TELLERIA
Urteurrena

INFO7 IRRATIA, BESTE 10 URTEZ ENTZUN ETA KONTATZEKO PREST

Orain hamar urte ekin zion Info7 irratiak bere ibilbideari eta «Entzutekoa da, kontatzeko gaude» lelopean urte osorako ekimenak antolatu ditu. Bere komunitatearekin konpromisoa berritu eta etorkizuneko erronkei indarrez heltzeko baliatu nahi du urteurrena.

2006ko urtarrilaren 27a zen Info7 irratiak lehen emisioa egin zuenean. Hamar urteko ibilbidea programazio berezi batekin ospatu zuen atzo herri ekimenetik sortutako irratiak, lehengo eta oraingo ahotsak bere sintoniara gerturatuz berriz eta entzuleei babesa eskertuz. Urte osoan izango du segida ospakizunak. Urteurreneko kantua iragarri dute, herriz herri eramango dute “Kale gorrian” magazina eta jai berezi bat ere egingo dute udara bueltan.

Azken hamarkadako gertakari nagusien bozgorailu eta ahots izan da Info7. Korrikaren jarraipen bereziak, presoen eskubideen aldeko manifestazioenak, Bertso Txapelketa Nagusiarenak, greba orokorrenak, espetxeratze politikoen aurkako herri harresienak, hauteskunde gauetako programa bereziak... Herri honek egindako urratsen ahots izan da ibilbide honetan guztian.

Atzera begirakoak balantze baikorra dakar, beraz. Hala uste du Eider Olazarrek, goizeko magazineko ahots nagusietako bat da bera, baita irratia sustatzen duen Azti Begia elkarteko lehendakaria ere. Bere esanetan, irratiak «lan talde profesional egonkorra, profesionala eta konprometitua du, proiektu independenteek eskatzen duten bezala». Hamar urteko ibilbidean izan duten garapena eta irratiaren izateko arrazoi nagusia azpimarratu ditu Olazarrek: «Ahotsa ematen ez zaien horiei jarri diegu bozgorailua, bazterrekoak zentrora ekartzen ditugu eta zentroan dauden horiei beste ikuspuntu batetik begiratzen diegu».

Sostengu ekonomiko nagusia bere 2.000 bazkideak dira eta egunerokoaren pultsua neurtzen dutenak bere bueltan lanean, laguntzen, entzule eta informatzaile gisa dabiltzan milaka herritar. Komunitatea, hitz batean esanda. Urteurrenaren helburu nagusia sare horrekin konpromisoa berritzea izango da, beraz.

Komunitatearekin eta herri ekimeneko beste hedabideekin elkarlanean jardun du irratiak orain arte eta bide horretan sakonduko du hurrengo urteetan ere. Asko ez dela eraberritu zuen webgunea, NAIZen baitan kokatuz eta bertan diren beste hedabideekin elkarlana sakonduz. Arrosa irrati sarea da Info7ren beste elkarlan erreferentzia nagusia, eta horren eguneroko adierazle “Zebrabidea” magazina.

FM bidez, eskubide osoz

Urteko erronka nagusien artean dute «FMan normaltasun osoz emititu eta entzun ahal izatea», Olazarren hitzetan. Abiapuntua Interneten jarri arren, Azti Begia elkarteak sorreratik iragarri zuen FM bidez emititzea eskubide gisa ikusten zuela. Gaur-gaurkoz hirigune nagusietan entzun ahal da Info7 irratia FM bidez, baina oraindik ez normaltasun osoz.

Hego Euskal Herrian lizentzia esleipenak izan dira tarte honetan, 2012an EAEn eta urtebete beranduago Nafarroan. UPNren blokeoa auzibidean gaindituta Euskalerria irratiak aldaketaren gobernua osatzearekin bat lortu du berea, bide berri bat irekiz. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako azken esleipenean Info7 irratiak sustatutako proiektuak hiru herrialdeetan emititzeko lizentziak eskuratu zituen. Patxi Lopezen gobernuaren azken arnasaldian bertan behera utzi zuen Lakuak esleipena eta Iñigo Urkulluren gobernuak ez du lehiaketa berririk proposatu. Irrati kaltetuek helegitea jarrita, 2014an EAEko Auzitegi Gorenak arrazoi eman zien eta esleipenarekin jarraitu behar zela ebatzi zuen, Lakuak errekurritu egin zuen. Olazarren esanetan, «berehala kaleratuko da azken epaia eta uste dugu arrazoia emango digutela». Info7 irratiarentzat «urrats garrantzitsua» izango dela uste du.

2006tik hona Euskal Herriaren hurrengo hamarkada marraztuko duten sakoneko aldaketak izan dira, aurrera begira ere zer entzun ugari sortuko duen bidea marraztu beharko luke herri honek eta, ezinbestean, nork kontatua beharko du.